jueves, 14 de marzo de 2013

Etxean preso zegoen ANGEL FIGUEROA hil da.

Lehenik eta behin, Herrira mugimenduak doluminak eta besarkada handi bat helarazi nahi dizkio Angel Figueroaren senide eta gertukoei. Getxoztarra espetxeratze arinduan zuten preso, epilepsia bezalako gaixotasun larria pairatzen baitzuen, eta hilik aurkitu dute gaur. 41 urte zituen soilik.
Osasungintzako hainbat aditu eta profesionalen arabera, espetxeak gaixotasun iturri dira berez. Eta zoritxarrez, Euskal Herrian honek eragindako ondorio latz gehiegi ezagutu ditugu dagoeneko. Gaixotasun larriak dituzten presoak aske egon behar dute, euren gaitzak inolako trabarik gabe era duin eta egoki batetan tratatuak izan daitezen. Eskubide urraketa honek etengabeko albiste txarrak sortzen ditu. Aste honetan bertan, Ibon Fernandez de Iradik esklerosi anikoitza eta Ventura Tomek prostatako minbizia pairatzen dutela jakin baitugu.

Angel Figueroaren kasuak era ezin gordinagoan islatzen du espetxe politika anker honen salbuespeneko neurrien ondorio larriak. Izan ere, bere gaixotasunaz gain, gogoratu beharra dago 1997ko martxoaren 14an bere amama zen Antxoni Fernandez Alcala-Mecoko espetxera bidean izandako istripu batetan hil zela baita.

Herriraren aburuz premiazkoa da indarrean dagoen espetxe politika krudel honi lehenbailen atzean uztea. Izan ere, giza eskubideak era nabarmenean urratu eta ondorio latz eta atzeraezinak eragiten ditu.

Euskal jendarteak, bere osotasunean, gehiegi sufritu du eta garaia da giza eskubideen urraketa eta espetxe politikak eragindako mina eta sofrikarioarekin amaitzeko. Euskal jendarteak ez du gatazka politikoaren ondoriozko hildako gehiagorik nahi, soluzioak eskatzen ditu eta bakea eraiki ahal izatea desiratzen du. Berau, erronka kolektiboa da eta bide horretan ezinbestekoa izango da euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespeneko neurri eta espetxe politikarekin amaitzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario