sábado, 30 de marzo de 2013

Xabier Lopez Pena euskal preso politikoaren heriotzaren aurrean.

Lehenik eta behin, Herrira mugimenduak babesa eta gertutasuna eskaini nahi dio Xabier Lopez Peñaren senide eta ingurune osoari. Jaso dezatela besarkada sentikor bat.
Xabier Lopez Peñaren heriotzak oinarrizko giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika anker baten ondorioak agerian uzten ditu. Izan ere, salbuespeneko neurrien bitartez, espetxe politikak euskal preso politikoen bizitzak etengabeko errusiar erruleta batetan murgiltzen ditu. Espetxe politikak mina eta sufrimendu sortzen ditu hainbat herritarrengan. Errealitate lazgarria da euskal jendartearen gehiengoak eskubideen urraketak atzean utzi eta gehiegi luzatzen ari den gatazkaren ondoriozko heriotza gehiagorik ez izatea desiratzen duenean, espetxe politikaren ondorioek hiltzen jarraitzea.

Sakabanaketa, isolamendua, zigorren luzapena, bizi baldintza negargarriak, erasoak, tratu ez duina, osasun asistentzia desegokia, larri gaixo dauden presoak espetxean mantentzea… Guztiak, heriotzak eragiten dituen koktel makabro baten ingredienteak dira.

2013ko martxoak espetxe politikaren ondorio atzeraezinak era ezin gordinagoan azaleratu ditu. Larri gaixo zeuden Xabier Lopez Peña eta Angel Figueroa presoen heriotzak, Jaeneko espetxe urrunetik bueltan Jabi Martinez Izagirre presoaren bi lagunek pairatutako istripua edo Xabier Aranburuk, Oskar Barrerasek eta Arkaitz Bellonek sufritutako jipoiak horren eredu argia dira.

15 dira egun larri gaixo dauden euskal preso politikoak. Minibizia, esklerosi anikoitza edo eskizofrenia bezalako diagnostikoekin. Preso hauek aske geratu behar dira, hori baita osasun asistentzia egokia izan eta Figueroa edo Lopez Peñaren kasuak ez errepikatzeko berme bakarra.

Euskal jendarteak soluzioak exijitzen ditu, giza eskubide guztien errespetua, espetxe politikaren erabateko aldaketa eta elkarlanaren bitartez konponbidea eta bakea eraikitzea. Bide horretan, espetxe politika ondorio tragikodun traba erraldoia da. Horiek horrela, Baiona eta Bilboko mobilizazio erraldoiek erakutsi bezala, Herriraren aburuz ezinbestekoa da konpromisoak aktibatzen jarraitzea eta milaka herritarren bihotza kolpatzen dituen eskubide urraketa honi erantzun sozial zabala eskaintzea. Euskal jendartearen gehiengoaren mandatua eskutan hartuta, Herrirak atsedenik gabe lan egingo du Angel Figueroa eta Xabier Lopez Peñaren kasuak berriro ere errepikatu ez daitezen eta indarrean dagoen espetxe politika krudelarekin amaitzeko.

Azkenik, Herrirak jadanik egoera hau salatzeko eta berriro ere errepikatu ez dadin exijitzeko, bi mobilizazio aurreratu ditzake. Aurrenekoa, bihar, igandea, 20:00tan Basauriko Benta Plazan. Bigarrena, astelehenean, ordu berdinean, Galdakaoko Zamakoa Plazan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario