jueves, 27 de junio de 2013

TXEMA MATANZAS PRESO POLITIKOAREN ESKUTITZA.

El Puerto de Santa Maria, 13/05/30ean
Aupa, Kandela! 

Beno, hementxe naukazu, 4 lerroz zure gutuna eskertu asmoz. Bai, orain dela hilabete-edo jaso nuena, eta “erantzun beharrekoak”-en zerrendan zegokion denboraz itxaron eta gero (eta, ez zaitezte kexatu, “kolatu” egin zaitut-eta), honantx neurrikoa izan nahi duen erantzuna.

Nondik hasi? Ezagutu ere ez zaitut egiten,… baina, tira, igual dio, Puerto III-rekin hasiko naiz. Ez dizut hemen pairatzen dugun egoeraren deskripzio zehatzagorik eskainiko. Baina sarri hedabideetan eta zuon adierazpenetan (Herrira, Etxerat, orokorrean presoen egoera salatzen duzuenon adierazpenetan) agertzen den baieztapen bati helduko diot, eta, beraz, …. “okerrera egin al du egoerak azken urte/hileotan?”,… bada, zaila da erantzuten. Dudarik gabe, funtzezkoenean –niretzat “funtzezkoen” den horretan, bederen- gauzek ez dute hobera jo: HEMEN jarraitzen dugu, etxetik 1.000 kilometrora. Bestela, “barru bizi-baldintzak” baldin badira aztertu nahi ditugunak, bada, antzeko zerbait! “hobera ez”. Izan ere, ni hona iritsi nintzenetik (2 urte eta erdi ia-ia) aldaketa handirik ez da izan. Gauza batzuetan hobera egin dugu, bai, baina horiek guztiak, hobekuntza horiek guztiak guk lortutakoak izan dira, gure bizitzaz arduratzen J.C.V.P. izeneko epaitegian salaketak tartekatuz: umeekiko vis-ak luzeagoak eta maizago, lagunen bisitak debekatzen zituzten hainbat debeku bertan-behera, … eta ezer gutxi gehiago. Eta honen karietara azpimarratzekoa da epaitegi horren MANTSOTASUNA, geldotasuna (erantzuna erdiesteko epeak 9 hilabetakoak edo urtebetekoak izaten baitira) hala nola EPELKERIA, edo, bestela esanda, jarrera ALDAGARRAIA: gai BERAren inguruan, gaur bai baina bihar ez, zuri bai eta hari ez,… Argi dago epaitegi hau sortu zutenean zer nahi zuten: gure bizi-baldintzak eta eskubideak “kontrolpean” edukiko zituen epategi berezia, Gobernuaren irizpideak kolokan jarriko ez zituena, eta, beno, denetarik egon da azken 10 urteotan (epaitegi hau 2003an sortu zuten), “gauza”/eskubide batzuk (berr)eskuratu ditugun, baina, funtzezkoenean, buf!, desesperagarria da (“desesperagarria” da itxaropena duenarentzat! Izan ere, epaitegi honen soslai politiko disimulaezinak hasieratik eraman beharko baikintuzke “ezer ez espero izate”-ra, baina, “lanbide-deformazio”agatik edo, edo akaso “bizi-baikorKERIA”-gatik, batzuek jarraitzen dugu “Hau irabaziko dut!, zalantzarik ez dago, legeak babes osoa ematen baitit,…” lelopean bizitzen,.. eta horrela metatzen zaizkigu haserreak+etsipenak/ezintasun-sentsazioak…

Ea: haría galtzen ari naiz. Lortu ditugunak GUK lortu ditugula azpimarratzerakoan adierazi nahi dudana zera da: espetxeak, bere kabuz, ez digula aldaketa haundirik eragin/eskaini. 2013 honetan aldaketatxo batzuk izan dira, bai, batzuetan txarrerako aldaketaTXOak izan dira (erderazko gutunak ere 15 egunez atxikituta, etxera gauzak bidaltzeko fardel bakarra hilean –orain arte 2-, .. bestelako pitokeriaren bat), baina, orokorrean, esango nuke STAND-BY-n gaudela, ez arre ez ixo, ez aurrera ez gibelera. Eta, gainera, gehienetan ezin asma daiteke “erabakia” berton hartutakoa ote den edo “Madrilen agindua”. Izan ere, espetxe guztiak ezberdinak direlarik, Puerto III pittin bat berezia bada, ez bakarrik gurekiko, sozialekiko ere, espetxe berria da (2007.n zabaldutakoa), TEMA batzuk baditu, besteak beste “segurtasuna”rena, eta, nire ustez, “agintea” non dagoen/nork daukan etengabean GARBI uztearena, … En fin: esango nuke hemengo zuzendaritzak ez gaituela preseski maite, bizimodu eramangarria baina batere oparirik gabea eskaintzen digu eta, bi hitzez, “garai berri”ek ez dute hemen ondoriorik (ondorio “nabarmenik”, behintzat) izan. Eta hori norberak ahal duen/dakien moduan eramaten du. Gaur “Bah!, utikan, lasai hartuko ditut gauzak” altxatuko zara, eta bihar, “Kabendio!, hau ez dut pasatzen utziko!”. Niri dagokidanez gutxienez, espetxea hori (ere) bada: ostia txarrak kudeatzeko ikastaro trinkoa. Urte batzuen buruan gauza hauek guztiak lasaitasun+perspektiba haundiagoz aztertuko ditugu, eta, osagai politikoa alde batera utzita, “kartzela” zer den, gaur egun maíz aipatzeke geratzen diren alderdiak/bertienteak iruzkinduko ditugu: injustiziak pairatzeak sortzen duen desgastea, sozialekiko elkarbizitza, estresa, norberak bere bizitza antolatzeko ezina,… “como pa’habernos matao”, bai, eta nik 5 urte eta erdi baino ez daramat hemen barruan!, benetan, barre egingo dugu, baina mundo hau ezagutu behar da,… Eskerrak oraino ganbara ongi (¡?) antolatua dugun, bestela,…

Eta zure gutunera itzuliz, bertan Gasteizen (eta EHn) aurrera daramazuen dinamikaren berri ematen zenidan: Baionako eta Bilboko manifak, herriz herri burutako ekimen txikiagoak,… orduan burutu gabe zeuden arestian paperetan ikusi ditugun batzuk: maiatzako 18ko “Plazara”-mobilizazioak (UMM,… holaxe-holaxe, ezta?, esan nahi baita ez (ei) direla izan berebiziki distiragarriak, … Eguraldiari egotziko diogu!) eta “Aske Gune-“ak (AG-1, Donostia; AG-2, Ondarroa; AG-3, Gasteiz, Xabi Agirre-ren aurkako espetxe-zigorra dela eta,… Azken hauen balorazioa, ezbairik gabe, positiboa behar da izan, eta zabaldutako hausnarketa –“Hemendik aurrera, gauzak are zailagoak jar diezazkiegula!”- interesgarria). Edonola ere, gai hau, “gure” gaia, presoena, korapilatua da oso, bertan gauzatzen baita modurik lazgarrienean “MARKO”en arazoa. Ezen gai honi buruzko jarrera izan daiteke (DA) nagusi, hau da, irtenbide zentzumenezko bat ematearen aldekoa, baina Espainian (eta Frantzian, jakina, baina nago asunto honetan guztian Madrilek daramala batuta (“la batuta” erdarazkoa!) giroa bestelakoa da, eta “giltza” Espainian, Madril-en dutenez,… Eta asuntoa areago lardaskatzen da EHn egon badagoen “sentiberatasuna” “engaiamendu+jarrera AKTIBOA” bihurtzeko mugak bista askoan baitaude. Zer egin? Nola mantendu OREKA? “Oreka”, bai, batetik “borrokan aritu, grinaz”, eta bestetik “baina etsipenean erori gabe!”, bi horien artean. Seguruenik komenigarria da 2 marko hauen esistentzia argi izatea, eta bakoitzaren baitan dauden mugak/aukerei ongi erreparatzea. Ilusio faltsurik ez sortzeko, eta, aldi berean, bataila galdutzat ez emateko. Ez dakit!, agian nireari ikuspegi “iluntxoegi” deritzozu, baina atzera begiratzen dut, orain dela urte bat eta erdi alde askotatik iristen ziren aurreikuspen BAIKORREGIAk oroitu, “Ene!, badirudi ez ditugula espainolak ezagutzen,….”, eta, azken finean, panorama beltzena kontuan hartzea ez da inoiz jarrera txarra, ondorioz, edozein gauza gertatu ere, ez baikara zapuztuko. Espainiatik deus gutxi espero dezakegu, afera honetan (eta “gatazka orokorra”-ri dagokionez, berdintsu). Giza-eskubideen ohitura/cultura demokratikorik ez dago, gurekin lotuta egoen daitekeen edozein eztabaida pozoituta dago, ideologikoki denak dira atzerapausuak,… oso bestelako kezkak ditu biztanleriak (eta, “erotzen ari denarekin”, ez da harrigarria), gure kontuen inguruan MUNSTRO bat sortu dute, biktimak, lege bereziak, argudio tranpatiak eta gezurretan oinarritutakoak,… eta, orain, horri guztiorri BUELTA eman behar diote, eta, jakina, ez da inor ausartzen,…. DENBORA behar da, dudarik gabe, espetxe-politikaren inguruan ganorazko eztabaida/hausnarketa bat egiteko. Are gehiago: maíz iruditzen zait aurrepausuak egiteko onena gurekin ahantz daitezela dela, ez gaitezela “ikuskizun” izan… Denbora, beraz. Eta, bitartean, ezen lan egin bai, KONTZIENTZIetan eraginez, eta, nire ustez, batez ere GURE ETXEKOAK pairatzen ari diren zigorra salatu,.. eta, ño!, praktikoak izanik, zigor hori LEUNDUZ, laguntza emanez. Tira: arnasa luzeko hausnarra dugu horri guztiari buruzkoa, baina ez zaitut horren inguruan aspertuko,… bide hau ez da egokiena, ..

Eta, listo!, gaurkoz behinik-behin. Nekatu al zara nire idazkerarekin? Bai, badakit, baina hauxe da urteotako ordenagailuen erabilera gehiegizkoak utzi digun zigorra. Hurrengorako,, lasaiago idatziko dut (baina, zaila da! Gezurra bada ere espetxean gehienok horrela baikabiltza: gauza guztietara heldu ezinean, denbora-falta etengabea: nola azaltzen da hau? Auskalo).

Esan gabe doa: ZERBAIT BEHAR BADUZUE, eskatu. Eta, bitartean, segi lanean, ea udaberria heltzen zaizuen!... ekainaren 21ean, ozta-ozta bukatzen den egunean, baina panorama gorria duzue Gasteizen, aurten, udaberririk ez, eta uda “Santiagotik Santa Ana- arterainokoa” denez,… di-da eta udazkena!

Besterik ez, Kandela. Ontsa segi, mila esker gutunagatik, gutun hau jaso orduko Judimendiko Jaietan egongo zarete murgildurik, ongi pasa eta hurrengora arte.

Txema Matanzas Gorostizaga
(euskal preso politikoa)
C. P. PUERTO III
CTRA. JEREZ-ROTA, Km. 6
11500 PUERTO DE SANTA MARIA - CADIZ

No hay comentarios:

Publicar un comentario