miércoles, 24 de febrero de 2016

HAMAR URTEREN OSTEAN. IDOIA MURUAGA - IGOR ANGULOREN NESKALAGUNA.


Otsailaren 27an Igorren heriotzaren X. urteurrena beteko da, eta jarraian Barurena. Euskal Herrian hamarkada honetan gauza asko gertatu dira. Nik atzera begiratu nahi dut, gero aurrera begiratu ahal izateko; berriro ere eskertzeko herri honek emandako babesa, elkartasuna eta batez ere maitasuna. Horrela sentitu nuen egun gogor eta mingarri horietan eta horrela sentitzen dut orain.


Eskerrak lehenengoz Igorri, bere maitasunagatik eta bizitzako bidaide izaten uzteagatik. Eskerrak zuri seme, Aitzol, bereziki pairatu dituzulako nire doluaren fase guztiak (ukazioa, amorrua, haserrea, tristura, onarpena...) zurearekin batera. Zuk zeurea baitzenuen, nahiz eta ume bat izan. Maite zaitut, seme! Eskerrak familiari, zutabe isila izan baita. Eskerrak kuadrillari, lagun guztiei, herri osoari gu zaintzeagatik.

Eskerrak Olatzi eta nirekin batera talde terapia zoro horretan egon zineten guztiei. Mila esker, izugarri lagundu didazue. Eskerrak Egiari Zor taldeari, elkar ezagutzeko eta bizi izandakoa partekatzeko aukera emateagatik; eta Estatuaren indarkeriak eragindako mina ikusarazteagatik. Eskerrak amnistiaren aldeko mugimenduan lan egin duzuen eta egiten duzuen pertsona guztiei, bene-benetan, mila esker.

Eskerrak sakabanatuta zaudeten guztiei, espetxeetan zein mundu osoan zehar eman eta ematen duzuenagatik herri honen alde. Eskerrak errepresaliatuen ondoan zaintzen zaudeten senitarteko eta lagun guztiei. Animo! Zoragarriak zarete, zuena bai kemena!.

Euskal herriak errepresioaren bidez jasan duen mina ebaluaezina da. Ez dago modurik erreparatzeko herri honek galdu duena, herritarrok pairatu duguna. Zoritxarrez, pertsona askok hamaika bizipen gogor eta bortitz daukagu kontatzeko, pertsonalak zein kolektiboak. Konta ditzagun! Eta are latzagoa dena, gaur egun ere ez da bukatu. Sala dezagun!.

Hala ere, hau guztia jakinda, beste sentipen bat partekatu nahi dut zuekin:
Bai, egia da bidean utzi ditugun pertsonak eta pairatutako oinazea modu batez edo bestez gurekin dagoela, eta ezin da ahaztu eta, gainera, ez dut nahi, hori memoria baita.

Mina onartu egin behar da. Mina aitortzeak ez gaituelako ahultzen, kontrakoa, indartu egiten gaitu. Bestela, nola uler daiteke herri honek hau guztia jasanda aurrera jarraitzea? Ahul gaude, bai, baina bizirik. Minduta, zauriak zabalik, barrutik apurtuta, baina formula berriak asmatzeko gaitasunarekin, betiko helburuei eta asmoei eutsiz. Aukera guztiak mantenduz. Bai, sinistu! Aukera guztiak. Hori ez al da harro sentitzeko?.

Mesedez, ikusi daukazuen balioa, daukazuen meritua. Eman muxu bat zuen buruari, sekulako lana egin duzue eta. Sekulako lana egin du herri honek.
Herri hau bizirik dago. Negar egiten du, amorrua du, baina aldi berean elkartasuna, indarra, gogoa eta maitasuna, batez ere maitasuna du. Bizirik zaudete, bizirik gaude.

Gure senide eta lagunek herri honekiko maitasunagatik borroka egin dute. Eta hau da helarazi diguten balorerik indartsuenetariko bat, ez bada indartsuena. Har dezagun lekukoa!.

Bukatzeko, gure lagun Txato zena gogora ekarriko dut. Txatok askotan esaten zuen: «Gora bihotzak eta behera prakak». Bestetik; Igorrek espetxetik idazten zuen gutun guztietako bukaerarekin agurtu nahi zaituztet: «Osasuna, askatasuna eta, batez ere, maitasuna». Eskerrik asko denoi eta aurrera!.

No hay comentarios:

Publicar un comentario