lunes, 19 de septiembre de 2016

DISPERTSIORIK EZ - KEPA ZUBIZARRETA BERRIZ GURE ARTEAN (CARTA DEL PRESO POLÍTICO SANTURTZIARRA TXEMA MATANZAS).



Kaixo herrikideok, Kaixo Kepa
Ez didazue sinestuko, baina ez dakit zer esan. Normalean bestelako gertaerak direla medio idazten dizuet, eta, oker ez banago estreinako aldia da ongi etorri baterako idazten dudana. Gainera, ez dakit Kepa bakarrik ote dagoen hor edo Unai ere. Hortaz, aipamen pertsonalak baztertuko ditugu. Aukera bat atzera begiratzea litzateke. 10 urte asko dira eta denbora horretan Kepak –eta etxekoek- bizi izandakoak luzaz hitz egiteko aukera emango liguke; batzuen ankerkeria larrutu, askoren axolagabekeria kritikatu, Kepa eta etxekoen indarra eta kemena txalotu eta hor zaudetenen laguntza eskertu.

Baina gaurkoa egun alaia dugula aprobetxatuz, barruan gauden batzuk harritzen gaituen gai bat jarriko dut mahai gainean. Tira, ni behintzat harritzen nauen gai bat. Maiz, nire idazkietan azpimarratu dut presook ez garela “garrantzitsuena”. Eta hori, gaur ere berresten dut. Baina, bestaldetik, harrigarria zait/zaigu zergatik ez diren eskakizun edo gai batzuen inguruan ekimen… gehiago/erakargarriago/ikusgarriago/ALAIAGO egiten.

Ez dut “eraginkorragoak” esaten, denok bai baitakigu noren eskuetan dauden gure ziegetako giltzak. Baina pare bat gairen inguruan (zehazki: sakabanaketaren bukaera eta preso gaixo larrien askatasuna), ez al gara gai modu txukunagoan aritzeko? Eztabaida latz eta mingarriak albo batera utzi, eta denok ados gauden horien inguruan, ez al gara gauza izango euskal jendartean bidegabekeria horiek salatzeko?.

Ez dakit. Norabide argi bat badago: euskal preso eta iheslariak etxeratzea. Badakigu oztopoak egongo direla eta, beraz, denok ez garela batera herrira iritsiko. Baino, bitartean, preso guztioi on egingo diguten aldarrikapen horien inguruan, indarrak batuz, eta seguru naiz gauzak beste kolore bat hartuko dutela.

Eta joango gara ateratzen, bai, eta kaleratuko den kide bakoitza poz-iturri bat izango da; eta gaixoak askatzen badituzte, murrizketak ezarrita ere, pozik egoteko arrazoia izango da. Kontuz!, hor zaudetenoi ez natzaizue errieta egiten ari, badakit beti laguntzeko prest zaudetela. Gauza da, imajinazioa, jarrera positiboak!, garaipen txikiena ere estimuan hartzen jakitea, eta irribarrea!, bai, umorea, zerekin eta presoen gaiarekin ere umoretsu aritzea. Izan ere, petralduta bagaude, ez dugu inor hurbilduko. Gu guztion esku dago. Eta bai, gaur ospatzea dagokigu (mugarik gabe!), baina, bihartik aurrera,… gogoetatxoa eta lanera. Denak etxean izan arte. Jaso ezazue besarkada bero bana, bereziki zuk, Kepa, eta Pedro eta Bego!... eta, ai! Besteon izenak ahantzi ditut. Ongi etorri herrira, FREE THEM ALL !.
 
Abuztuaren bukaeran, Puerto de Santa Maria-III-tik
Txema Matanzas

No hay comentarios:

Publicar un comentario